Edukira joan

Venezuelako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Venezuelako historia gaur egungo Venezuelako Bolibartar Errepublikako lurraldearen historia da.

Espainiar konkista

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Churuata, kolonaurreko bizitegi mota.

Kristobal Kolon 1498an iritsi zenean, karibeak bizi ziren gaur egungo Venezuelako lurraldean. Hurrengo urtean Ameriko Vespuzio italiar itsasgizonak «Venezia txikia» (Venezuela) izena eman zion lurraldeari. Lehenengo espedizioen ondoren, espainiarrek garrantzi handiagoa eman zioten ekialdeko uharteetako perlen arrantzari lurraldea konkistatzeari baino.

1528an, Karlos V.a erregeak Welser etxeko alemaniar bankariei saldu zizkien lurraldea esploratzeko eta konkistatzeko eskubideak, baina haiek, bilduko zutela uste zuten urrea eta harribitxiak aurkitu gabe, 1546an joan ziren. Mende horretako erdialdean eraiki zituzten espainiarrek herri nagusiak. 1567an Diego de Losada konkistatzaileak karaka indiarrak bizi ziren lurraldea mendean hartu eta Santiago de Leon de Caracas hiria sortu zuen, urte batzuk geroago hiriburu izendatu zutena. XVII. mendearen bigarren erdian nekazaritza bultzatu zen baina, hala ere, lurraldeak oso aurrerapen txikia egin zuen XVIII. mendea arte.

Granada Berriko Erregeorderria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1718an Granada Berriko Erregeorderriaren administraziopean geratu zen lurraldea.

Puerto Cabelloko Solano gotorlekua (1766).

1721ean, Filipe V.ak Caracasko Unibertsitatea sortu zuen eta, zazpi urte geroago, Caracasko Gipuzkoar Konpainiari eman zion merkataritzaren monopolioa (kakaoa, tabakoa, kafea, anila, kotoia, azukre-kanabera), kontrabandoa eta itsaslapurrak kentzeko baldintzapean. Konpainiaren jarduerak istilu eta matxinada franko piztu zituen. 1781ean merkataritza-harreman askeetarako dekretua onartu zen. Gipuzkoar Konpainiak monopolioa galdu eta 1784an desegin zen.

Bien bitartean, Estatu Batuen independentziak, Europako ideia liberalen hedapenak, kreole ilustratuen eta espainiarren monopolioak eta kaltetuen interes ekonomikoen eraginak burujabetasunaren beharra nabarmendu zuten. XVIII. mendearen bukaerako matxinada batzuen ondoren, 1806an hasi zen, Francisco de Mirandaren gidaritzapean, independentziako gerra, Simón Bolívar Askatzaileak 1821ean ia lurralde osoa hartzea lortu zuen arren 1823an espainiar erregezaleen armada guztiz menderatu zuten arte bukatu ez zena. Venezuela, 1819az gero Kolonbia Handiaren barruan zegoena (gaur egungo Venezuela, Kolonbia, Panama eta Ekuador), 1829an banandu eta burujabe egin zen.

Venezuela burujabea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Venezuelaren independentzia-agiriaren sinatze-ekitaldia

1848. urtea arte, oligarkia kontserbadorearen mende egon zen Venezuelako gobernua. José Antonio Páez jeneralaren lehendakaritzapean (1830-1835 eta 1839-1844) gerra-urteek hondatutako ekonomiak hobera egin zuen, kakaoaren eta kafearen esportazioan oinarritua. 1830ean konstituzio bat eman zuen, boto-eskubidea handikiei baino uzten ez ziena eta esklabotasuna onartzen zuena.

1840an Alderdi Liberala sortu zen, botoa emateko eskubidea zabaltzea eta esklabotasuna debekatzea eskatu zituena besteak beste. Kontserbadoreen eta liberalen edo federalisten arteko tirabirek baldintzatu zuten XIX. mendeko politika. Biltzar konstituziogilea egin zen Valencian, baina federalistek ez zuten onartu han eman zen konstituzioa. Egoera horrek bost urteko gerra zibila ekarri zuen (1859-1863). Azkenean federalistak atera ziren garaile, eta 1864an egin zen konstituzioan Venezuelako Estatu Batuak izena ezarri zitzaion herrialdeari.

1870ean Antonio Guzmán Blancok hartu zuen lehendakaritza eta, 17 urtean zehar diktadore gisa gobernatuz, erreforma politiko sozialak egin eta ekonomia modernizatzea lortu zuen. Haren ondorengo gobernualdiak ere diktadoreen eskuetan ziren: Joaquín Crespo (1892-1898), Cipriano Castro (1899-1908), Vicente Gómez (1908-1915 eta 1922-1929).

Rómulo Betancourt

Petrolioa 1912an hasi zen ustiatzen, eta 1920rako munduko bigarren petrolio-ekoizlea eta lehen esportatzailea zen Venezuela. Horri esker, kanpo-zorra ordaindu ahal izan zuen eta herri-lan handiak egin ziren. Halaber, aurrerantzean, atzerriko kapitalek eragin handia izan zuten bertako ekonomian. Eleazar López Contreras (1935-1941) aurreko erregimenaren gogortasuna leuntzen eta demokrazia bideratzen hasi zen. Egoera 1959an normaldu zen, Rómulo Betancourt lehendakariarekin. Nolanahi ere, Betancourtek aurre egin behar izan zien hirietako gerrilla komunistei eta eskuindarren estatu-kolpeei, baina alderdi politiko nagusien (sozialdemokratak eta demokrata-kristauak) elkarlanaren bitartez, demokraziarako oinarriak finkatu zituen. Bera izan zen agintaldi osoa bete zuen lehen lehendakaria (1959-1964). Aurrerantzean Venezuelak ekonomiaren aurrerapena eta egonkortasun politikoa lortu zituen.

Rafael Calderak (1969-1974), herrialdea baketu nahian, amnistia eman zien armak utzi zituzten gerrillariei. Carlos Andrés Pérezek (1974-1979) petrolioaren eta burdin meen nazionalizazioa bideratu zuen, eta herrialdearen industrializazioa sustatu. Nolanahi ere, urte horietako aberastasuna gehiegizko kontsumoan eta ustelkerian galdu ziren. Egoera horri aurre egiteko, Luis Herrera Campinsek (1979-1984) gastu publikoa gutxitzearen aldeko politika egin zuen, eta Jaime Lusinchik (1984-1989) eta, batez ere, Carlos Andrés Pérezek (1989-1993) neurri ekonomiko gogorrak hartu zituzten (pribatizazioa, gasolinaren eta garraioen prezioaren igoera).

1992an militar talde bat, Francisco Arias buru zuela, saiatu zen Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kentzen, baina ez zuten beren asmoa bete. Hala ere, egoera hark nabarmen utzi zituen administrazioaren ustelkeria eta ekonomiaren krisia. Bai Arias bai Hugo Chávez komandantea, atxilotuak biak, Mugimendu Bolivartar Iraultzaileko kide ziren. Borroka ugari izan ziren, eta defentsa-ministroak 51 militar zaurituta zeudela eta 19 hil zirela adierazi zuen. Estatu-kolpearen egunean bertan, presidenteak konstituzioaren bermeak indargabetu zituen: bilerak debekatu zituen, prentsa-askatasunak mugatu zituen eta hainbat herritar atxilotzea agindu zuen. Salbuespen gisa, ordea, irakaskuntzako sindikatuekin negoziatzea onartu zuen. Egun gutxira, Pérez presidenteak salbuespen-neurriak bertan behera utzi zituen. Hala eta guztiz ere, tirabira politikoek aurrera jarraitu zuten, eta Errepublikako presidenteari kargua uzteko eskatu zitzaion. Krisiaren larritasunaz jabetuta, Pérezek erreferendum bat egitea erabaki zuen Konstituzioa berritzeko.

1992ko urtearen amaieran beste estatu kolpe saio bat izan zen. Garai horretan izan ziren gobernadore, alkate eta biltzar legegilerako hauteskundeetan, gobernuko alderdiak 22 estatutatik 7tan baino ez zuen garaipena lortu. 1993an Carlos Andrés Pérez presidentea kargutik kendu zuten diru publikoa erabiltzearen salaketapean. Haren ordez Ramón José Velásquez jarri zuten. 1993. urtearen amaieran izan ziren hauteskundeak Rafael Calderak (1969-1974 bitartean presidente izandakoa) irabazi zituen. Hauteskunde haietan abstentzioa40 izan zen. 1980ko hamarkadaren amaieran, Caracas bortizkeria handieneko hiria izan zen Hego Ameriketan, eta segurtasun faltak gorantz jarraitu zuen: 1995ean Caracasko biztanleen %10ek, gutxi gorabehera, armak zituela esan zen. 1994. urtetik aurrera ekonomia- eta finantza-krisiak larriagotu egin ziren. Caldera presidenteak ondasun mugiezinen, jabetza pribatuaren eta merkataritzaren gaineko konstituzioaren bermeak indarrik gabe utzi zituen. Bestalde, atzerrirako bidaiak mugatu zituen eta baita biltzeko eskubidea ere. Biltzarrak eskubide horiek berriz adieraztearen alde eman bazuen ere botoa, presidenteak mugak jarri zituen kapitala atera ez zedin eta espekulaziorik gerta ez zedin. 1995ean gobernuak atzerriko inbertsioak erakartzeko egin zituen ahalegin guztiak alferrekoak izan ziren eta, azkenean, petrolioa ekoizteko bertakoei eta atzerritarrei aukera berdinak ematea erabaki zuen gobernuak. 1997an hainbat ekonomia erreforma jarri zen abian, industria elektrikoen pribatizazioa, aluminioa eta burdinarena, sistema judizialaren berrikuntza, eta finantza publikoen antolakuntza berria. 1998an Venezuelak, Saudi Arabia eta Mexikorekin batera, eguneko petrolio-ekoizpena txikitzea erabaki zuen, upelaren prezioa igoarazteko asmoarekin.

1998an, Hugo Chávez (hainbat estatu-kolpetan buruzagi izandakoa) hautatu zuten lehendakari (botoen %56,5). Polo Patriótico zeritzan alderdien batasun baten buru aurkeztu zen hautagai Chávez eta, ideia sozialista lausoak adieraziz eta jarrera populista erakutsiz, konstituzio berri bat egitea zen haren helburu nagusia, berak Bolivartar Iraultza esaten zion proiektuaren barnean. Konstituzio berria 1999an onartu zen erreferendumean.

2001ean, lurren administrazioari buruzko lege batzuk eman ondoren liskar handiak izan zituen oposizioarekin, eta, azkenean, lanuzte-deialdia egin zuten sindikatu nagusietako batek eta enpresaburuen ganberak. 2002an, protesta handiak egin ziren Chávezen aurka. Manifestazio baten ondoren, tiroak izan ziren eta bi aldeetako hildakoak izan ziren. Oposizioak eta gobernuak elkarri egotzi zioten gertatutakoaren errua. Kolpe militar batek Chávez espetxeratu eta Pedro Carmona enpresaburua izendatu zuen lehendakari, baina berehala hartu zuen oposizioak hura diktadoretzat, eta handik bi egunera Chávez berriz izendatu zuten lehendakari, haren jarraitzaileek erreakzionatu, hura askatu, Carmona boteretik egotzi eta Chávezi itzuli baitzioten agintea. Oposizioak greba orokorrera deitu zuen eta, 2004an, erreferedum bat eskatu zuen Chávez agintetik botatzeko, baina erreferendumak Chávezi eman zion garaipena, nahiz oposizioak iruzurra salatu zuen.

Chávezek joera ezkertiarra zuen. XXI. mendeko sozialismoa esaten zion berak bere programari eta garapenerako eta gizarte-laguntzako programak sortu zituen. Inperialismoaren eta Estatu Batuen etsai agertu zen, eta Kuba, Iran, Siria, Errusia eta Txinaren adiskide.

2006an Chávez berriz aukeratu zuten lehendakari. Konstituzioa aldatuko zuela agindu zuen, hainbat erreforma ekonomiko egiteko eta lehendakaritza mugagabea ezartzeko, besteak beste. RCTV telebista-katea ixtea agindu izanak protesta handiak sortu zituen eta bultzada handia eman zion Chávezen aurkako ikasle-mugimenduari. 2007an egin zen konstituzioa aldatzeko erreferenduma, baina Chávezek galdu egin zuen, eta ezin izan zituen bere asmoak bete. 2009ko otsailean, Chávezek konstituzioa aldatuz agintaldi mugagabea lortzeko beste erreferendum batera deitu zuen, eta irabazi egin zuen.

2012ko urriaren 7an Chavezek hirugarrenez irabazi zituen Presidentetzarako hauteskundeak. Baina, kargua hartzeko astirik izan gabe, 2013ko otsailaren 18an hil zen, minbiziak jota[1].

Sakontzeko, irakurri: «Venezuelako krisia»

2014ko irailaren 3an, «bost iraultzetako» gidariak hautatu zituen Madurok, gobernua egokituta. Rafael Ramirez Kantzilertzara aldatu zuen, eta gobernuko presidenteorde politikoa izango zen. Madurok esan zuen «beharrezko aldaketak» egin zituela Bolibartar Iraultzaren erronkei eusteko[2].

Bestalde, oinarrizko saskiko produktuak kontrabandoan saltzen zutenen aurka gogor jotzeko agindua eman zuen Venezuelako Gobernuak, eta ehunka lagun atxilotu zituen gutxienez. Nicolás Maduroren iritziz, herrialdearen aurkako «gerra ekonomiko» baten tresna bihurtu zen kontrabandoa eta horretan ari zirenen aurka jotzeko agindu zuen[3]. Halaber, Venezuelako presidenteak iragarri zuen Venezuelako langabe kopurua %6,8koa zela. Kopuru hori Venezuelako Estatistika Institutuak ekainean egindako estatistikei zegokien[4].

Irailaren 12an, erregai kontrabandoari aurre egiteko, Venezuelako presidente Nicolás Madurok hiru hilabetez luzatu zuen Kolonbiako mugaren gaueko itxiera, eta esku hartzea egin zuen PDVSA petrolio konpainiaren barne hornidura eramaten zuen bulegoan, «talde mafiosoekin» lotura zuelakoan[5]. Irailaren 30ean, Venezuelako Gobernuak borondatezko trukean oinarritutako programa berezi bat martxan jarri zuen, indarkeria gutxitzeko helburuarekin. Herrialde osoan, trukerako 72 puntu jarri zituzten armak jasotzeko[6]. Urriaren 2an, Robert Serra PSUV alderdiko diputatu gaztea eta haren emazte Maria Herrera hilik aurkitu zituzten Caracasen zuten etxebizitzan. Nicolás Maduro presidenteak gorazarre egin zion diputatu chavistari, eta hilketa argituko zutela agindu zuen[7].

Urriaren 25ean, Venezuelak berraztertu egingo zituen Espainiarekin zituen harremanak. Mariano Rajoy oposizioko liderraren emaztearekin bildu ostean iragarri zuen neurria Nicolás Madurok[8].

Beste irakurgai batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Arroyo Abad, Leticia. "Instability, Cost of Living, and Real Wages in Venezuela in the 19th Century." América Latina en la historia económica 20.3 (2013): 114-137.
  • Carroll, Rory. Comandante: Hugo Chávez's Venezuela (Penguin Books, 2014).
  • Cromwell, Jesse. The Smugglers' World: Illicit Trade and Atlantic Communities in Eighteenth-century Venezuela (UNC Press Books, 2018).
  • Derham, Michael. "Undemocratic democracy: Venezuela and the distorting of history." Bulletin of Latin American Research 21.2 (2002): 270–289.
  • Ewell, Judith. Venezuela: a century of change (Stanford UP, 1984).
  • Ewell, Judith. Venezuela and the United States: from Monroe's hemisphere to petroleum's empire (U of Georgia Press, 1996).
  • Friedman, Elisabeth J. Unfinished Transitions: Women and the Gendered Development of Democracy in Venezuela, 1936-1996 (Penn State Press, 2010).
  • Jacobs, Matthew D. "Reformists, revolutionaries, and Kennedy administration public diplomacy in Colombia and Venezuela." Diplomatic History 42.5 (2018): 859-885.
  • Layrisse, I. "Heavy oil production in Venezuela: Historical recap and scenarios for next century." in SPE international symposium on oilfield chemistry (Society of Petroleum Engineers, 1999).
  • Levine, Daniel H. Religion and Politics in Latin America: The Catholic Church in Venezuela and Columbia (Princeton UP, 1981)
  • Lombardi, John V. Venezuela: the search for order, the dream of progress (Oxford UP, 1982).
  • Lombardi, John V. People and places in Colonial Venezuela (1976) online
  • Mähler, Annegret. "Oil in Venezuela: Triggering conflicts or ensuring stability? A historical comparative analysis." Politics & Policy 39.4 (2011): 583-611.
  • Martz, John D. "Party Elites and leadership in Colombia and Venezuela." Journal of Latin American Studies 24.1 (1992): 87-121.
  • Moron, Gullermo. A History of Venezuela (1964) online
  • Neuhouser, Kevin. "Democratic stability in Venezuela: Elite consensus or class compromise?" American Sociological Review (1992): 117-135. online
  • Restuccia, Diego. "The Monetary and Fiscal History of Venezuela: 1960–2016." (University of Chicago, Becker Friedman Institute for Economics Working Paper 2018-59) (2018). online
  • Rudolph, Donna Keyse, and Gerald Allen Rudolph. Historical dictionary of Venezuela (Scarecrow Press, 1996).
  • Schincariol, Vitor Eduardo. Society and Economy in Venezuela: An Overview of the Bolivarian Period (1998-2018). (2020).
  • Smilde, David. Venezuela's Bolivarian Democracy (Duke University Press, 2011).
  • Straka, Tomás, Guillermo Guzmán Mirabal, and Alejandro E. Cáceres. Historical Dictionary of Venezuela (Rowman & Littlefield, 2017).
  • Tarver, H. Micheal. History of Venezuela, 2nd edition (Greenwood Press, 2018). online
  • Wilpert, Gregory. Changing Venezuela by taking power: the history and policies of the Chavez government (2007) online
  • Zahler, Reuben. "How Civic Virtue Became Republican Honor: Revolution and Republicanism in Venezuela, 1800–1840." Journal of World History 31.2 (2020): 391-424. excerpt

Historiografia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Lombardi, John V. Venezuelan history: a comprehensive working bibliography (1977) online 530 pages
  • Racine, Karen. "Simón Bolívar and friends: Recent biographies of independence figures in Colombia and Venezuela" History Compass 18#3 (Feb 2020) https://doi.org/10.1111/hic3.12608
  • Savage, Ritchie. Populist discourse in Venezuela and the United States: American unexceptionalism and political identity formation (Springer, 2018).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]